Toponimia hizkuntza bakoitzaren gordeleku fidelena da eta herri bakoitzaren historia, kultura, tradizio eta abarren berri ematen du. Hortaz, hizkuntzaren zati garrantzitsuenetarikoa izanik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskaltzaindiaren, Deustuko Unibertsitateko Deiker Institutoaren, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailen, EAEko hiru diputazioen, EUDELen eta udal eta kontzejuen laguntzarekin batera, 20 urteetan zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko toponimia biltzen, arautzen eta normalizatzen aritu da. Horretaz gain, lan hori, EAEra ez ezik, Euskal Herri osora hedatu nahi dute Nafarroako eta Iparraldeko toponimia bilduz eta aztertuz.
Lan hau 1986an abian jarri zen Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendu eta Garraio Sailaren eta Deustuko Unibertsitateko Deiker taldearen eskutik. Horiek Bizkaiko toponimiarekin proiektuari hasiera eman zioten. Ondoren, Arabako (Trebiñu barne) eta Gipuzkoako toponimiaren bilketa eta arautze-lana egin zen eta 2000. urtean HPSak webgunean www.euskadi.net/euskara_toponimia jarri zituen datuak kontsultagai. Hurrengo urtean, Izen geografikoen glosarioa argitaratu zen eta 2002an Nerea Mujikak idatzitako toponimia-lanerako metodologia-eskuliburua; Toponimia eta kartografia: oinarrizko eskuliburua.
Ondorengo urteetan, Bizkaiko eta Arabako toponimien berrikusketa egin zen eta egindako lana modu sakonean aztertu zen. Aurten, toponimia mapetan erroldatzeko irizpideak ematen duen txostena idatzi dute eta, hurrengo urteetarako helburuen artean dituzte, Gipuzkoako toponimia berrikustea eta Nafarroako eta Iparraldeko toponimiak osatzea.
Ondorioz, aipatutako talde guztiei esker, gure toponimiaren azterketa zehatza izateaz gain, gure herriari buruzko tradizio, kultura eta, azken batez, historiari buruzko argibide gehiago ezagutzeko aukera izango dugu.







0 respuestas hasta el momento ↓
Todavía no hay comentarios... Empiece usted rellenando el siguiente formulario.